- BBK Kuna Institutuaren zero proiektuetako baten emaitza da argitalpena. Organo hori lanean ari da aurrean izango ditugun erronka nagusiak identifikatzeko eta pentsamendu estrategikoaren bidez horiei erantzun eta GJHetan eragina izateko.
- Liburuak bakardadearen fenomenoa hiru ardatzen gainean aztertzen du: indibidualismoaren gorakada eta gizarte- eta familia-laguntzako sareen gainbehera (desafiliazioa); zainketen krisia, gero eta ezberdintasun eta prekarietate handiagoko testuinguruan; eta gizabanakoak teknologia digitalekin duen harreman anbibalentea.
- BBK Kuna, GJHen etxea, BBKren gune bat da, non, NBEk ezarritako helburuei jarraituz, enpresek, unibertsitateek, pertsonek eta erakundeek elkarrekin lan egiten duten gizarte gisa aurkezten zaizkigun erronkei erantzuteko.
Bilbo, 2022ko urtarrilaren 25a. BBK Kuna, GJHen etxea, BBKren gune bat da, non, NBEk ezarritako helburuei jarraituz, enpresek, unibertsitateek, pertsonek eta erakundeek elkarrekin lan egiten duten gizarte gisa aurkezten zaizkigun erronkei erantzuteko.
Horretarako, BBK Kunak hainbat proiektu eta ekimen jarri ditu abian, eta horietako bat BBK Kuna Institutua da. Institutuko zuzendaria den Daniel Innerarity-ren gidaritzapean, BBK eta GLOBERNANCE ─Gobernantza Demokratikoaren Institutua─ lanean ari dira aurrean izango ditugun erronka nagusiak identifikatzeko eta horiei erantzuteko, Nazio Batuek zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuetan eta 2030 Agendan eta gizarte-berrikuntzan eragin berezia izango duen pentsamendu estrategikoaren bidez: BBK Kuna Institutua
Lan-talde honen zeregin nagusia pentsamendu estrategikoa, independentea eta integratzailea sortzea da gizarte gisa ditugun etorkizunen inguruan, ahalik eta tresna onenekin. BBK Kuna Institutua Bizkaiko Lurraldearen etorkizunerako garrantzi estrategiko handiena duten gaiei buruz gogoeta egiteko eta ikerketa eta ekintza bultzatzeko organoa da, Garapen Jasangarrirako Helburuen eta gizarte-berrikuntzaren esparruan. Organo horren helburu nagusia Bizkaiaren garapenerako funtsezkoak diren jarduera-esparruak eta lehentasunak identifikatzea da, eta ikerketa- eta ekintza-proiektuak bultzatzea. BBK Kuna Institutuak Adituen Kontseilu bat izango du identifikazio-lana egiteko, eta BBK Fundazioarekin koordinazio estua izango du ekimenak bultzatzeko.
BBK Kuna Institutuak hainbat proiektutan lan egiten du dagoeneko, eta proiektu horiek eraikina inauguratu aurretik ere sortzen hasiak ziren, bere zero proiektuak dira. Horietako baten emaitza, nahi ez den edo gura bako bakardadearen ingurukoa, gaur aurkezten den “Soledades: una cartografía para nuestro tiempo” liburuaren argitalpena da.
“Soledades: una cartografía para nuestro tiempo” (Bakardadeak: gure garairako kartografia bat)
Bakardadea honela definitu da: pandemia isila, herrialde industrializatuetan lau pertsonatik bati eragiten diona, eta osasun fisiko eta psikikoan eta hura pairatzen duten pertsonen bizi-kalitatean eragin negatiboa duena. Inposatutako eta nahi gabeko edo gura bako bakardadetzat hartzen da pertsona batek dituen gizarte-harremanen eta izan gura dituenen arteko desadostasun-sentsazio subjektiboa. Gura bako bakardade horren osagaiak dira: beste pertsona batzuekiko loturen kopuruan eta kalitatean dagoen gabezia-esperientzia (deskonexio emozionala) eta gizarte-bakartzea, eta sare sozialen gabezia ingurune hurbilean; eta mina, beldurra, larritasuna edo tristura sortzen ditu.
Bakardadearen sentimendua gertaera biografikoek ─hala nola maite den pertsona bat galtzeak, lan-merkatutik irteteak, bikote-harremana eteteak eta abarrek─ oso baldintzatzen badute ere, eta bizitzako gertaera horiek bakardadearen amildegira eramaten badute ere, hori ez da soilik banakoaren arazoa, bizikidetza antolatzeko egiturazko faktoreen ondorioa baizik.
Liburuak fenomeno hori hiru ardatzen gainean aztertzen du: indibidualismoaren gorakada eta gizarte- eta familia-laguntzako sareen gainbehera (desafiliazioa); zainketen krisia, gero eta ezberdintasun eta prekarietate handiagoko testuinguruan; eta gizabanakoak teknologia digitalekin duen harreman anbibalentea.
Gizarte-harreman esanguratsuak izateko bidea justizia politikoaren kontua ote den aztertzen du liburuak, nahi ez den edo gura bako bakardadea biziki baldintzatzen baitute zenbait gizarte-determinatzailek, eta, beraz, bakardadearekiko desberdintasunak zuzenean lotuta daude honako eremu hauetan aztertzen ditugun gizarte-(des)abantailako patroi edo eredu hauekin: pobrezia, generoa, kultura, espazioa, instituzionalizazioa eta dibertsitate funtzionala.
Proiektu hau koordinatu dutenak Melania Moscoso eta Txetxu Ausín dira.
Melania Moscoso
Pedagogian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikertzaile bisitaria izan da Duquesne Universityn (Pittsburgh, USA), University of Illinois at Chicagon (UIC) eta doktoratu osteko ikertzailea Temple Universityn (Filadelfia, USA). Gaur egun, Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) kontratatutako doktorea da, eta desgaitasunari lotutako gaiak ikertzen ditu bertan.
Txetxu Ausín
Zientzialari titularra CSICeko Filosofia Institutuan (Madril, Espainia) [www.ifs.csic.es], non Azterlan Logiko-Juridikoen Taldea (JuriLog) zuzentzen duen. Filosofian doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (aparteko saria), irakasle gonbidatua da hainbat unibertsitatetan eta ikertzailea Globernance-Gobernantza Demokratikoaren Institutuan. Bere lan-arloak etika publikoa, bioetika, logika juridikoa, giza eskubideak eta robotikaren filosofia eta IKTak dira (OECD erakundeko kidea, Expert Group on Research ethics and new forms of data for social and economic research). Gai horiei buruzko hainbat lanen editore eta egilea da, eta DILEMATA [www.dilemata.net] etika aplikatuen webgunea eta aldizkari elektronikoa zuzentzen ditu. Gaur egun, I+G+b plan nazionaleko ez-egiteen erantzukizun kausalari buruzko KONTUZ! proiektuko ikertzaile nagusia da (FFI2014-53926-R) [www.kontuz.weebly.com], eta ASAPen (Academics Stand Against Poverty) Espainiarako ikerketa-lehendakariordea. Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordeko kide independentea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Etika Kluster Fundazioko eta Azterlan Juridiko eta Sozialen Fundazioko (EJYS Fundazioko) patronatu-kidea; CSIC Fundazio Orokorrean Zahartzeari buruzko Adituen Batzordean ere laguntzen du.
Liburuan parte hartzen duten egileak hauek dira: Juan Ramón Alberdi, Javier Alemán, Txetxu Ausín, Óscar Barrio Formoso, Ana Carballal Broome, Esther Castellanos Gil, Belén Liedo, Daniel López Castro, Aníbal Monasterio Astobiza, Melania Moscoso-Pérez, Ramón Ortega, Elvira Pértega, Virginia Salinas Pérez eta Aitor Sorreluz Aginaga.
BBK KUNA
BBK beti egon da Bizkaiko errealitateari lotuta, eta bertoko erronkak konpontzen jardun du. 100 urte baino gehiagoz, Bilbok eta Bizkaiak unean-unean izan dituzten beharrizanei erantzuteko proiektuen buru izan da. Gizartea gero eta konplexuagoa da, eta erronka horiek ere bai.
2015ean, Nazio Batuek 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) adostu zituzten. BBK-k bere ibilbide-orrian du helburu horiek lortzea, eta horregatik, 2021ean, bere GJHen Etxea ireki zuen, Bizkaiaren etorkizuneko erronkei erantzuteko: BBK Kuna. GJHen Etxeak bost solairuko eraikina du Bilbo Zaharraren bihotzean, adinekoen zahartze eta bakardadeari, klima-aldaketari, iraultza teknologikoari, hirien eraldaketari, migrazioari, … irtenbideak emate aldera proiektu berritzaileak sustatzeko. Azken batean, GJHei erantzuteko erronkak dira, eta landu beharrekoak gizarte gisa hazten jarraitu ahal izateko, inor atzean utzi barik.
Bizkaiko GJHen Etxea nazioartean zentro aitzindaria izango da, gizarte-eraldaketari aplikatutako ikerketarekin, auzoaren parte-hartzearekin eta gizarteko eragile guztien ─hau da, herritar, unibertsitate eta ikerketa-zentro, administrazio publiko eta enpresa pribatuaren─ elkarlanarekin. Hori bereziki beharrezkoa izango da bizitzen ari garen ziurgabetasun-une hauen ostean, agerian uzten baitute tresna egokiak izan behar ditugula etor daitezkeen krisi berriak detektatzeko eta etorkizuneko agertokiak eraikitzeko.
www.kuna.bbk.eus