Daniel Innerarity: “Misil bat erabiltzen duenak desinformazioaren armak erabiliko ditu, guk nahi ala ez”

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email

Olatz Prat-en elkarrizketa  Daniel Innerarity-ri @daniInnerarity publikatua 07/05/2022 en Eitb.eus (link

 

eitb.eus-ek gaur egungo gizarteak pairatzen duen informazio-saturazioaz eta horren kudeaketaz galdetu dio filosofoari, baita hedabideen funtzioaz eta gerraren testuinguruan informazioaz egiten den erabileraz ere.

Daniel Innerarity Filosofia Politiko eta Sozialeko katedraduna eta IKERBASQUE fundazioko ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitatean, baita Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria eta Florentziako Europako Unibertsitate Institutuan irakaslea ere. ‘Le Nouvel Observateur’ aldizkariak munduko 25 pentsalari garrantzitsuenen zerrendan sartu zuen 2005ean.

Daniel Innerarity (Bilbo, 1959) filosofoak berriki argitaratutako La sociedad del desconocimiento (Galaxia Gutenberg, Bartzelona, 2022) liburuan, ezagutzak gizarte digital eta globalizatuan duen zeregina ulertzeko gakoak azaltzen ditu, baita ezagutza horren bueltan dabiltzan hainbat elementurenak ere, sare sozialak eta Internet, zientzia, informazioaren eta desinformazioaren erabilera, kultura eta hezkuntza; hori guztia, ezagutza orori lotua doan ezezagutza edo ezjakintasuna bistatik galdu gabe. Sokratesek esan zuen: ‘Bakarrik dakit ez dakidala ezer’.

eitb.eus-ek gaur egungo gizarteak pairatzen duen informazio-saturazioaz eta horren kudeaketaz galdetu dio filosofoari, baita hedabideen funtzioaz eta gerraren testuinguruan informazioaren erabileraz ere. Edalontzia beti erdi beteta ikusteko borondatea eta gaitasuna igartzen da bere hitzetan, edozein erronka edo zailtasun aukeratzat hartzekoa.

Sare sozialek, esaterako, komunikazioa demokratizatzen dutela dio, edozeinek edozeri buruz iritzia eman edo informatu baitezake edozein unetan eta edozein lekutatik, baina demokratizatzen duten neurri berean nahasi egiten dute. “Informazioa iragazi gabe eta egituratu gabe datorrenean, askatasunean eta emantzipazio indibidualean irabazten da, baina nahasmena ere eragiten du. Etengabeko zarata bat dago, eta oso zaila egiten zaigu informazio garrantzitsua eta hutsala bereiztea, baita erabat faltsua den hori ere”.

Hala, bere ustez, “gure aitona-amonen belaunaldiak informazio eskasiaren arazoa bazuen, guk beste arazo bat dugu, nahastearena”.

Sare sozialak herritarren informazio-iturri nagusi gisa hedatu diren heinean, garrantziaren nolabaiteko irizpideak ezarri eta gertaeren konplexutasuna murrizteko balio zuen iragazki-funtzioa galdu dute hedabideek.

Orain, “komunikabideak krisian daude eta zailtasunak dituzte ‘zarata’ hori ordenatzeko, eta, horren ondorioz, gizarteak zailtasunak ditu informazioa barneratzeko eta ulertzeko“. Azaldu duenez, “informazio ofizialaren eta elkarrizketa pribatuaren artean zegoen bereizketa zorrotza hautsi dute sare sozialek”, eta hori “askatasunaren ikuspegitik irabazi izugarria da, komunikazioa horizontal bihurtzen duelako eta hura kontrolatzen zutenen boterea saihesten duelako”. Baina ohartarazi du espazio horretan norberak eraiki behar duela orain bere behatokia eta “nork bere irizpideak ezarri, hori jada ez baitzaio emana etorriko informazioa egituratzen duen egunkari klasiko baten partetik”.

Ez du uste, haatik, Interneteko eta sare sozialetako espazioak beste informazio-ingurune batzuk desegin dituenik, komunikabide klasikoak kasu, eta etorkizunerako informazio-sistema hibridoa aurreikusten du, “zeinetan norbanakoek informazioa jaso eta iritzia emango duten sare sozialen bidez, baina baita bestelako komunikabide batzuetan ere”.

“Hedabideek sare sozialek eskaintzen ez duten zerbait eman behar dute: irizpidea, balorazioa eta analisia”

Horren ustez, komunikabideek errealitate berrira egokitu beharra daukate. “Irakasleok Googlerekin lehiatzeari utzi genion, Googlek guk baino askoz gehiago dakielako informazio mota jakin bati dagokionez; horregatik, ikasleek Interneten topatu dezaketenaz bestelako eduki eta balioak ematen saiatzen gara. Era berean, hedabideek sare sozialek eskaintzen ez duten zerbait eman behar dute: irizpidea, balorazioa eta analisia“.

Gaineratu duenez, “sare sozialez betetako inguru batean, adituen irizpidea, azalekoa ez izateaz gain, beste paisaia informatibo batzuetan baino beharrezkoagoa da. Ospea aitortuta duen jendea behar dugu kaos hori guztia ordena dezan, informazio garrantzitsua eta osagarria bereiziko dituena eta iritzia hobeto osatzen lagunduko diguna”.

Desinformazioari eta fake news-ei aurre egin

Innerarityk bereizi egiten ditu albiste faltsuak eta albiste faltsutuak edo fake news deiturikoak. Lehenengoak oker egotearen ondorio dira, baina, bere ustez, ez dira arazo larria demokraziarentzat. Errealitatea nahita faltsutzen dutenen kontra, aldiz, borrokatu egin beharko litzateke.

Aitortzen du ez dela gai erraza. Alde batetik, ontzat jotzen du fact-checking edo gertakariak baieztatzeko lanean albiste faltsuak edo benetako oinarririk ez duten iritziak desmuntatzen dituzten hedabide eta kazetariak egiten ari diren “kazetaritza ona”. Adibide gisa jarri du The Washington Post hedabideak Donald Trumpek bere agintaldian igorritako fake news guztiak desmuntatzeko kontagailu eta guzti egindako lana.

“Demokrazia batek kontu handia izan behar du albiste faltsuak zabaltzen dituztenekin, baina are gehiago iritzi zuzena edo okerra zer den bereizteko eskumena bere gain hartzen duenarekin”

Hala ere, fact-checkingaren eraginkortasuna mugatua dela dio “eztabaida politikoaren zati txiki bat baino ez baita aritzen gertaera objektiboen inguruan”. Azaldu duenez, “BPGari, langabe kopuruari edo pandemian izandako kutsatze kopurari buruz eztabaidatu egin daiteke. Baina politikariek egiten dutena, komunikabideek egiten dutena eta sareetan egiten dena, neurri oso handi batean, iritziak ematea da; eta iritzi hori izan daiteke xelebrea, izan daiteke gurearen kontrakoa edo izan daiteke esajeratua, baina iritzi bat da, iritzi askea“.

Beraz, horren hitzetan, “fake news bat zentsuratu edo salatzerakoan agintari batek egin dezakeen gauza bakarra ez da hainbeste esaten dena faltsua dela dekretatzea, baizik eta igorlearen eztabaida publikoa faltsutzeko asmoa dekretatzea”. Innerarityren aburuz, “denok esaten ditugu gauza faltsuak gure eguneroko bizitzan, gauza okerrak, baita politikariek ere, gizakiak diren heinean, eta horrek eztabaida demokratikoa aberastu ere egin dezake zenbaitetan”, baina “nahita sortutako faltsutasunak ez du inolaz ere eztabaida hori aberasten”. “Iruditzen zait oso garrantzitsua dela agintariek horien artean bereiztea, Twitterreko kontu bat ixtea edo iritzi jakin bat zentsuratzea justifikatzeko; oso zuhurrak izan behar dugu honekin, adierazpen askatasuna funtsezkoa baita demokrazian”, erantsi du.

Honakoa gaineratu du: “Uste dut demokrazia batek kontu handia izan behar duela albiste faltsuak zabaltzen dituztenekin, baina are zuhurragoa izan behar du iritzi zuzena edo okerra zer den bereizteko eskumena bere gain hartzen duenarekin”.

Informazioa gerraren testuinguruan

Gerra propaganda eta informazioaren erabilera interesatua agerian geratu dira azken hilabeteetan, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren ondorioz; bitan banatu da mundua, bakoitza bere egiaren bueltan. “Ez da berria esatea gerretan egia dela lehen kaltetua, eta zentzugabea litzateke pentsatzea egia onik aterako dela, nondik eta jendea hiltzen ari den gerra batetik. Misil bat erabiltzen duenak desinformazioaren armak erabiliko ditu, guri gustatu ala ez, are gehiago iritzi publikoa hain garrantzitsua den une batean”.

“Zentzugabea litzateke pentsatzea egia onik aterako dela, nondik eta jendea hiltzen ari den gerra batetik”

Gauza guztietatik irakaspen bat ateratzen duen gizona izaki, Daniel Innerarityri gerra honetatik deigarria egiten zaiona da berez inbasio-gerra klasiko eta izaera kolonialekoa denak dimentsio berri bat hartu duen alderdi bat duela, “estatuen arteko interdependentzia handiko testuinguru batean” ari baita gertatzen. “Horrek egiten du berezi gerra hau, eta arreta berezia mereziko du, nazioarteko harremanak eta mundu globala ulertzeko modua alda baitezake”, gaineratu du.

Interdependentzia eta globalizazio horretan, gatazkarekin zerikusia duten komunikabideen eta mezuen zentsurari buruz galdetu dio, hala nola Europan Errusiako hedabideak blokeatzeari buruz: “Printzipioz, teorian, informaziorako eskubidea urratzen ariko litzateke. Gertatzen da, ordea, informazio hori oso fidagarria ere ez dela. Errusian baimendutako informazio ofiziala alde batera uztea ez da informazio-iturri bereziki baliotsu bat alde batera uztea. Eta armak erabiltzen ari diren eta herriei izugarrizko kaltea eragiten ari diren gerra-testuinguru honetan, hori lehiakideetako baten alde erabiltzea, ez zait iruditzen, inondik ere, gatazka horretako gauzarik garrantzitsuenetako bat”.

Kazetarien aurkako erasoei eta Pablo Gonzalez kazetariaren egoerari buruz galdetuta, “testuinguru izugarri batean gertatzen diren gertaera onartezinak dira”, esan du. Hala ere, “gertakari horiei garrantzirik kendu gabe, giza bizitzen suntsiketaren, nesken eta emakumeen bortxaketen, gosearen eta hainbeste pertsonaren erbestealdiaren parean jarri beharko genituzke, gerraren normaltasun beldurgarri horren parte baitira denak”.

Más publicaciones y noticias

Skip to content