Egungo legediak ez die euskal kirol selekzioei nazioartean parte hartzea galarazten

Facebook
Twitter
LinkedIn
WhatsApp
Email

Eusko Jaurlaritzak eskatuta eta Globernance eta Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin elkarlanean, euskal kirol selekzioen nazioarteko ofizialtasunaren bideragarritasun juridikoa aztertzeko egin den txostenaren ondorio nagusia da

Txostena deskargatu dezakezu Irekia webgunearen bitartez

Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak, euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasuna eta horren bideragarritasun juridikoa aztertzen dituen txostena aurkezteko Bilbon antolatu den jardunaldiaren irekietan parte hartu du. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako txostenaren aurkezpena, kirol arloko eragile eta federazioetako ordezkarien aurrean egin da, “Euskal selekzioen ofizialtasuna: bideragarritasun juridikoa eta hurrengo pausoak” lelopean. Aipaturiko txostena egin duten legelariei hitza eman baino lehen, Redondok zera aurreratu du: “Espainiako legediak ez du debekatzen euskal kirol selekzioen nazioarteko ofizialtasuna”. Eta are gehiago ere esan du. “Ez dago Espainiako ordenamendu juridikoan, ez Europakoan, eta ezta nazioartekoan ere, euskal federazioen nazioarteko dimentsioa eta proiekzioa debekatzen edo galarazten duen aginduzko araurik”.

Gazteria eta Kultura zuzendariak, bere hitzaldiaren hasieran gogorarazi duenez, euskal selekzioen nazioarteko ordezkaritza “euskal herritarren aldarrikapen historiko bat da”. Horregatik, azpimarratu du “Eusko Jaurlaritzan euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasuna nahi dugu, eta uste dugu, aitortza hori Estatu espainiarraren barneko normaltasunaren eta elkarbizitza demokratikoaren erakusle izango litzatekeela, beste Estatu askotan gertatzen den legez”.

Ondoren, Eusko Jaurlaritza euskal kirolaren nazioarteko ordezkaritza lortzeko aztertzen ari den bideak zeintzuk diren azaldu du Jon Redondok. “Asmoa da nazioartean dauden bideak aztertzea, Espainiako federazioek plantea ditzaketen beto edo blokeo horiek gaindu ahal izateko”. Batetik, Redondoren hitzetan, euskal federazio batek edo batzuek, dagokien nazioarteko federazioan kidetza eskatzeko aukera aurreikusten da. “Eta ezezkoa etorriko balitz, TAS erakundearen aurrean helegitea aurkezteko aukera aztertu (Suitzan egoitza duen Kirol Arbitraiarako Epaimahaian)”.

“Eta bestetik, Europako erakundeetara jotzea debate juridikoarekin. Europako Batzordera, Luxenburgoko Auzitegira, eta baita Europako Parlamentura ere, eta nazioarteko kirol ekitaldietan parte hartzeko eragozpen horrek oinarri juridikorik ba ote duen planteatu, edo bestela, Europako Batasuneko tratatuetan aurreikusten diren askatasunen kontrakoa ote den galdetu”.

Egun, Estaturik gabeko 49 nazio daude munduan, era ofizialean eta normaltasunez nazioarteko lehiaketatan parte hartzen duten selekzio bat edo bat baino gehiago dituztenak. “Guk zergatik ez?” galdetu dio bere buruari Gazteria eta Kirol zuzendariak, datu hori ezagutarazi ondoren. “Badakit ez dela erraza hirugarren baten borondatea aldatzea eskatzen duen bide bati ekitea, hirugarren horrek halakorik nahi ez duela, gainera”, azaldu du. “Oso litekeena da Espainiako federazioek ahaleginak egitea gure selekzioen nazioarteko aitortza ukatzeko”. Baina segidan, Espainian gertatutako kasua ere azaldu du: “Espainiako Mendi Federazioak ez dio betorik jarri Euskal Herriko Mendi Federazioaren nazioarteko aitortzari”

Euskal kirol federatuaren nazioarteko ordezkaritza euskal kirol federazioen eskutik: bideragarritasun juridikoa” izeneko txostena Globernance, Gobernantza Demokratikoaren Institutuak egin du, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak eskatuta. Honako legelari hauek hartu dute parte txostenean: Juantxo Landaberea (Landaberea & Abogados), Juanjo Alvarez (Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedraduna), Gonzalo Palacio (Cuatrecasas, Gonçalves Pereira bulegoko abokatu bazkidea) eta David Salinas-Armendariz (Eusko Jaurlaritzako legelaria).

Más publicaciones y noticias

Skip to content